XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Auzoko sei mutiko ere han zebiltzan, capoeirako borroka pausoak jira eta buelta entseatzen.

Beraiei galdegin zien Creusa zaharrak Anna Paula pasatzen ikusi ote zuten.

Umeen ezetza entzun zuenean, makulua bazter batean laga eta metalezko txalupa zahar baten hondarretan eseri zen arnasa bila.

Atsedena behar zuen albistea ito gabe irensteko.

Herrian ere denak zebiltzan Anna Paularen bila.

Hurbileko eta urruneko, lagun eta auzoko, denek nahi zuten Anna Paularen albiste.

Bera gabe galduak ikusten baitzituzten beren buruak edota, behinik behin, zoritxar handi batek jota bezala.

Bazterrak miatzen ez zebilen bakarra André aitona zen, Creusa zaharraren senarra.

Cachazatan itota zegoen goizean goizetik, besaulkiaren altzoan ia ehortzirik.

Eskuan zeukan botilatik dzanga-dzanga ziharduen eta bazuen horrezkero bigarrena.

Besteak ez bezala, egunsenti beretik jabetua zen André, Anna Paula bilobaren faltaz.

Ez zela inoiz itzuliko ere jakin zuen Ricardinhoren ohea hutsik ikusi zuenean: Anna Paula, bi urteko seme kozkorra hartu eta alde egina zen Itaparicatik, inork ez zekielarik nora.

Marco zakurrak ere nabaritu zuen zerbait, atzera eta aurrera zebilen jende guztiaren zelatan egon arren ez baitzen mugitzen bere lekutik.

Hantxe zegoen etzanda, guztiz etzanda, okotza bera ere lurrari itsatsita.

Viviana agertu zenean, begiak bakarrik mugitu zituen hari segika, posturari galtzeke horregatik.

Isatsak eta belarriek ez zuten ikararik ere egin.

- Non egon liteke, André? galdegin zion aitona mozkorrari.